Bildumaren zerrendara itzuli

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

Gaur arrastian zoriontsu egin nauzu

 

eman zidaten abisua izarrek, argi beilegizko

telareetan josi zituzten alfabeto xingle haietan:

«astelehen arrastian zoriontsu eginen hau»

 

nekez erratzen baitira izarrak,

mintzatu gara gauza ttikiez,

zure arnasa pausatuaren epela

aho ertzean desegiten zitzaidalarik

behar adina sekula hazten ez den tximinia

su horren pareko

 

baina nire izerdi leiak aizto zorrotzenez zauritu nau

eskua kamisetako hauts arrastoak inarrosiz

begiztatu dizut, algara xume bat,

eta sorbaldan indiskretoki agertzen den sujetadore zinta

 

gero zoruan pausatu dituzu atzera kickersak

eta ohi bezala urrundu gara,

lantzean behin so iheskorra antzematen dizut

zure irletako itsasoan dzanga xabukatzeko,

orduan,

aurpegi serioz aurrera bueltatzen zara

 

baina ni zoriontsu egin nauzu

 

 

 

© Urtzi Urrutikoetxea

 


www.susa-literatura.eus