Bildumaren zerrendara itzuli

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

Jantz ezazu indiferentziazko soineko luze hori

eta zapata gorriek ekarriko dizute hiria.

Gaur gauez ilunaren legeek oinperatu gaituzte,

etxeratze deia daukagu eta

termometroek zeroan eraiki dute Bake Lerroa.

Zure ahanztura aginduta

albistegietako propagandaren izar bihurtu zaituzte.

 

Brisara jelatu honek gutun bi ekarri dizkigu.

Lehenean, maite behar nauzula

deliberatu dute zentsuratzaileek

artilezko galtzerdien antzeko

bihotz gorri baten irudia eginez

euren zerrendetako zenbaki hutsetara

sinplifikatu gaituzte.

 

Hurrengo kartazalak ez daroa kontrol agiririk,

nik, galarazia egon arren,

kamera loakartu arte itxaron eta ireki,

irakurri eta atzera bere lekuan utzi dut

hatz-markak garbituta.

Komunean kaligrafia klandestinoaren

txokoak oro miaturik

berbaz berba irentsi zaitut paperezko zapiekin

baina letra hizkuntza hau arrotzegia zaigu jadanik

esanahi bakar eta lelo xingleetan uztartu gara

zure dantzaren ahanztura

gure diskotekako argietan agertu arte.

 

Eta noizbait honelako gutunen usainek

iraultza egingo duten gezurrean ametsetan

eskumako atzamarreko gasolina zauriak garbitu ditut.

 

 

 

© Urtzi Urrutikoetxea

 


www.susa-literatura.eus