Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

JOXERRA AGIRREK

ETXE BERRIAN

—a—

 

Izen erratuko herri bat. Bidea

bi lizar zahar atarian, sahatsa atzean

belarra gorritxuriz hesirik. Etxea

arberazko geometria ilunkera eta

azkenera, egiazko bizimodua bizitzeko

irrika trinkoa, oraina zurezkoa izanen den lekua.

 

Sartu eta egongela egonen da, zabal-zabala

argiaren argiz transparentea ia

hori lodiak, gorrikara amestiak

urdin enantzak, granate ezinak:

sutondoa paratuko dut han

eta inguruan sofak

klartasunean nabigatzeko bapore.

Oroimenaren mugarri gisa

harat-honatako bizimodutik salbatu objetuak:

haurtzaroko marioneta adargabetua

argiaren zurgin, kaleidoskopio nabarra,

aitonaren Afrikako gerrako ezpata,

denboraz ilun eta zilarrez

nik bere burua bestelakoa nahi zueneko aztarna.

Dora Salazarren koadroa

non giza artifizioaren kirrinka

adierazten baita burdinazko menina batean

edo Asun Goikotxearen paisaia abstraktua

more lirikotan, beltz sakonetan, laino magenta,

melankoliaren habia. Eta hor,

etxean nonbait, hots batzuk

norbait bere zereginetan arituko balitz bezala.

 

Goialdean gela eta lan gela,

liburu batzuk eta diskoak,

mahai handi bat

izaki biziduna bailitzen arnaska,

leiho batetik paisaia urdinkera

(berdeak: ilunak argietara

buruaz beste eginez, arreak

multzoka kantuz, grisak

hegan nahiez, urrezkoak

alderrai, gorriskak

bizkarroi, urdin faunak)

liburuen pausaleku, ezen irakurketek

benetan gozatu eta barneratuko badira,

behar baitute paisaia bat

non begiak herra, non gogoa gal.

 

Gautzean laranja urruna

itzal erraldoietan erabakitzera doala,

lehengo hotsak emakume izanen dira,

ez dut amodioa esanen

baina bai elkarrekin, elkar gu

deneko tarte ezindu horretan,

atzipe gaitzan zoriontasunak ez bada

bai euriak, heze eta aratz nahiez

fruta zaporez ernatuko duen bakean.

 

 

 

© Juanjo Olasagarre

 


www.susa-literatura.eus