Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

JOXERRA AGIRREK

DEBRA WOOLF-I

—a—

 

Orain kontatzera noakizu

nahiz zuk ez aditu, horrela,

honen urrundik

nik ere damu dudala patuak

elkarri emandako su-eten erkina

eta inarra.

 

Nostalgiak artean

bataiatu gabe gintueneko behin hartan,

gogoan dut eguna, brilant eta Baionan,

eliza ospela eta arratsa

orbela bezala arboletatik erortzen,

xoxoen kantua eta, atzenean,

Anaren ezetza, heldu zen bizitzaren iragarle.

 

Wertherkilo baten modura egin nuen ihes

hondartzara eta han zeunden zu,

last day on hollydays, San Ferminetatik

Alabamako bidean, esan zenidan.

 

Ni, zu inpresionatu nahian edo,

amodioaren garratzaz hustuko nintzen,

The Basque Country aipatuko nizun gero,

beharbada Oteiza eta Axular

eta zenbait etnografikeria, seguru,

euskaldunok eta batez ere ni

jende apartekotzat har gintzazun.

Oh really, it's so exciting esan

eta barre egingo zenuen.

 

Behin haren antzera

zure gorputz otzana denborak

zikindu gabeko orbana balitz bezala

etorri zaidaneko gaur honetan

kontatu nahi nizuke

nahiz zuk ez aditu Amerikako

nork daki zein zokotan, bizitzaren

aldamenetan auskalo zein ohantzetan,

pozten naizela zurekin

haragiaren desordenuak tratatu izana,

kontatu nahi nizuke, horrela,

honen urrundik

desamorearen amorrazioz

eta mendekuz izan bazen ere

gero eta maizago ez bezala

egi-egitan izan zela.

 

 

 

© Juanjo Olasagarre

 


www.susa-literatura.eus