Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

DEBRA WOOLF-EK

(ALABAMA)

—a—

 

Orduak zenbaturik izateak,

absurdoaren minondo eta

neke barearen arteko joan-etorriek

ez diote oroimenari pilatzen uzten,

nahiz batzuetan ezpata itsu

urragarri baten maneala

ezezagun batekin xiringa

konpartitu zenuenekoak asaldatu.

Pamplona Spain-en, esan zenidan.

 

So Montgomery. Sekula

ez du izan hiri honek

honen arnasa lasairik.

Eseri parkean. Animalia

otzan etzana dirudi. Begira

nola kulunkatzen dituzten

etxeek lizarren siluetak,

enbor eriak, arramak biluzik,

orbela lurrean, zirimoletan

negurako bidea seinalatuz.

Etzan aulkian eta errepara, hori

lainoak dira eta une hau beti

dateke. Murgil zaitez urdinean,

eder doa xoxoa hegan

lur baten bila, hotzari itzuri.

Ez entzun txor-txorra. Ez

gogoratu udatzenaren eztiaz

hondartzako muttikoarekin

larrua jo zenuenekoa. Uxa

eta kontsola: ez dakienak

ez baitu errurik, eta zuk, orduan,

ez zenekien zure gaixotasun horrena.

Ahantz ezazu eta murgildu

urdin oparoan.

Izan gogoan zergatirik gabe

bihurtzen gaituela patuak zergati.

Baionan at the Basque Country, esan zenidan.

 

 

 

© Juanjo Olasagarre

 


www.susa-literatura.eus