Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

ANGELINES BERASATEGIK

XABIER BIZIRI

—b—

 

Ni ere izan nintzen

noizbait ere bizitzaren alde horretako izakia;

denbora dexente egiten du, dena den,

begietara datorkidan iluna bezainbat ia.

 

Eta zu ilusioaz mintzo zatzaizkit

egunez eta haien plazerez,

eutsi egin behar diodala, diozu,

goiari eta neure buruari. Gora bihotzak

dagizu orro, utzi jarrera negatibo hori,

nire begiak lainoz garbitzen saiatzen zarelarik.

 

Alferrik! Xabier, nirean nago

orain, heriotza baten ondoan,

bertan gora dago dena eta ni,

eta kosta egiten da, ez uste,

bizigintza ofiziora itzultzea,

kosta egiten da kamisoi begirada utzita

kolore nabarregiko egongela honetara jaistea.

 

Ze hemen funtzionario batek

artxibatu txostenak bezala

baitoaz egunak egunen ondotik

elkar iduri duten bizipenen atzetik,

eta denak du erromantzeetako tragikotasun higatua

eta edertasun nekatu eta firfildu hori.

Hor ordea, bizitza, soil-soilik

txandalez nonahi eta tripa lodi.

 

Ez eskatu arren itzultzeko,

ez esan kronikoa dudala

uzkurtasun maniako depresiboa;

bizitza etxean ez sartzeko

amarrua dela esan nahi nizuke,

huts-hutsean tristura,

ilun

ilun-iluna.

 

 

 

© Juanjo Olasagarre

 


www.susa-literatura.eus