Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

ANDRES BASTERRAK

ANA YOLDIRI

—c—

 

O'la la l'amour

udatzena joana da

agur kuttuna agur

bihotz enea

kitzika jantzi ditu bordatuak

ene bihotza

izotzezko bordatuak hotzak

 

Primadera eria

akabantza dantzan

urrezko egunen jolas

Laño itsasoa

eta arras gorri guretako

itsasoa laño

guretako zer gehiago nahi, ene maiteño

 

Arrimatu ginela

zioten endredatu

nioke nik zaila da

nor nork jakiten

bizitzaren mordoilo itsuak

jakiten nork nor

mordoiloak aise hondatzen baitu edonor

Zu karana zinen

ez zenuen neurritzat

gaurko bihotza bete

herra mikaztu

neu gazteagoa nintzen gogoz

mikaztu herra

gogoz ez nintzen gaurko vouyeur oiherra

 

Eguna joan eguna jin

izaren patu uherra

iltzatu ginen

elkarrengana

mitxeleta argira bezala

elkarrengana

argi minez erre guregan zetzana

 

Bazeneki zer axola

didaten gure minek

hagitz aspalditik nabil

ezin sosega

eta ez da ni delako herdoilaz

sosega ezinik

herdoilaz garbituko nauen amaren umerik.

 

Amodioa ote zen?

Hitz handiegia akaso?

Agur eta besterik gabe

dezagun oroit

ertz horituko postal urdina

oroit dezagun

eta dena ezaba dadila nola hagun

Eta aitzina maite

ez jantzi bizitza

handiegi datorkizu eta

aitzina tikili-takala

dakarkizula nahi duzuna

maite tikili-takala

erdi-gixon arrunt konbentzionala

 

 

 

© Juanjo Olasagarre

 


www.susa-literatura.eus