JOSEMA IRUTAGOIEN ZENTSOREA
JOSEMA IRUTAGOIENI
KARGU HARTZEN
d
Gure herriaz ez gaituk hizketatuko,
ez eta ere, denoi ustez, jaiotzez
suposatzen zaigun normaltasunaz.
Di da jarriko gaituk, hi eta biok,
nerabezaroa delako horretan.
Hor zegok koxka. Ibili bahabil
haurtzaroa gora, haurtzaroa behera:
berriketak! Nerabezaroa duk
arorik krudelena.
Nerabezarotik bada, sastatu hinduten
kontzientziaren orratz ziztagarriek
eta nor izanaren erroek.
Jarrai-n sartu hintzen, akordatzen?,
azal ziezaaten bizitzaren mitologia:
Borroka! Aberria! Amodioa!
Nolako epika halako elegia.
Neskak, alkohol gauak eta koadrila,
bere ergelarekin, hi herorri,
koadrila izanen bada. On puska
hintzen mutikoa!, eta inuxentea
hamaika ziri gogorrek bigundutakoa.
Eta zer diok hire lagunez?
Kuttunenak, errukia zian harexek,
dastatua zian, hi ohartzerako,
burdinaren zaporea eta burdina egin dik.
Beste hark gora nahi zian
eta gora egin dik, ez ordea
bizitzaren kotizazioez gorago,
eta hor zabilek, kontatu dik,
etsipen mailegutan interes altuenera.
Hiri, ostera, denak egiten zian ihes,
neskek, mutilek, gauek eta mitologiak,
baita bizitzak berak ere;
eta zergatik jakin gabe
hogeita hamarretan gaudek.
Hor aritzen gintuan, hi eta biok,
kurba normalaren bazterretan sufritzen,
eta bazterrez bazter bizitzara
erori omen hintzen, hire hitzetan,
ezkondu eta amnesia pilulen zale egin
borragoma itzelaren kontu harekin.
Adiezak, bazterrez bazter gabiltzanez,
hi eta biok, hizpidera ekarriko diat
%10arena. Bai, motel, bai
gizonak maite hituen eta dituk.
Nik jarraitu haut, (hauek lanak),
hire gehiegikeriak begiratuz,
jarraitu inork sekula guztian
jarraituko ez hauen moduan: honetan
elkarrekin gaudeneko halabeharraz.
Haragi biziko hire erromantizismoa
hondoan estali nahi nian nik, hik baina: kia!
Muturreko gizona izan haiz beti,
eta gaur, jada, bizitzaren
bestaldean hago eta barrikadaren.
Amore eman duk, ez ezak ezetz esan,
lortu duk, bai, lortu duk,
nahiz eta gaur etsipenaren bazka izan,
bai kabroi zaharra, bai armairumari,
kurba normalaren erdi-erdian gaudek, azkenik!
© Juanjo Olasagarre