JOXERRA AGIRREK
AFALTZEN
a - b - f
Zuri dago plaza, aulkiak isil
hozminera exiliatu estatuak iduri,
gauetzen ari du eta elurra
farolaren argira itzal herren bat
dabil atezuan, zerbaiten bila
karrika gora karrika behera.
Hutsago jantzi da dena. Hutsago
zuek gure artetik ezkutatu zaretenetik.
Hilabete, Mikel, gure artetik aldegin
eta absolutuan barneratu haizela.
Eta afari honetan hire gomuta
ospatu nahi badiagu ere
bizitzari ulertezin zaizkiok
horko uhalde, mendikate
eta bidezidorrak. Ezabatu
egiten ditik eta mapak
mutu bihurtu. Ez gaitzak ahantzi
hagoenean hagoela.
Hilabete, Endika, urrutiko
telegrama haizela eta hire berriak
gure irudimenaren lakuan
galdu eta ernetu egiten dituk
asaldagarri edo izugarri
edo izugarri eder bihurtzeraino,
goroldio eta laharrez jantzi
ur-iratxo bahintzen. Hire
gutunak haiz.
Sua pindarka ari da, purpura
urdin eta honatx hemen gu
giza emakume soilak orain
atorrutsik eta bihotza zabal
geure buruen setioari ihesi.
Mahai gaineko platerak
bizitakoaren kontsolamenduari
diote men eta hondarrak
eskuetan erabiltzeko,
afalosteko hizketa bitartean.
Xeratsu erori dira oroitzapenak
aire epelean kulunka: Baionako txango hura,
eguzki arratsaldeak, hain oso
eta orozko mozkor arre haiek
trago luzeegitan. Masailak
gorri besarkatu gara
besarkagabean, xamurtasun ia infinitoz.
Eta horrela sortu da
antrazita auskaldarra bailitzen
horren maite zenuten kanta:
Xoxo beltz bat banuen
kaiolan sarturik
egun batez neguen
hil zen gizajoa
zelaian sartu nuen
xokuan xoxua
eguna argitzen denik
xolo hartan xolo hartan
xoxuen kantua.
Gero tristura lurreratu da
negu gorriko hegazti erratua bezala
eta denok edan dugu pattarra
bizkarretik heldu hotza,
zakur amorratua, zakur gosea
uxatzearren.
Elurra ari du kanpoan.
elurra ari du karriketan
elurra kaiolako zirrikituetarik sartzen
elurra xoxoaren hilobi gainean
elurra Euskal Herri osoan
elurra gure bihotz hormatuetan
elurra
zuen arrasto lurmenduak estaltzen.
© Juanjo Olasagarre