Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

JOSEMA IRUTAGOIENEK

ENDIKA LAKART

BISITATU ONDOREN

—d - f—

 

Lagunak izan ginen, gero bizitzak,

badakizu, buelta asko ematen du,

banandu egin gintuen erauntsiarekin

zenbait aldegindako itsasuntzi baikinen.

 

Gurea, gurea diot, bai

pasioaren antzeko zeozer zen.

Gazte ginen, xamur, eta artean

berdea galdu gabean eta kontra,

 

mundu zitalaren kontra,

oro orokorraren kontra,

batez ere. Ez dut esanen

zein bide pamerial ibili genuen,

 

baina nik desio saldo ardorak

ikusten nituela bere begietan

egia berdaderoa da. Heltzeak,

jakina, berea egin zuen

 

manu militari ia; braust batean

akabatu zen dena. Ume mukizu,

gixon, gizon, hilotz mudantza baldarrak

ustekabean harrapatzen gaitu guztiok.

Hura ezkero ikusi, ikusi nuen

baina ezer ez zen berdin. Bizitzara

erori nintzen eta atzerrira aldegin.

Itogarri zitzaidan herri ziztrin hau

 

eta karlistada eta tradizio guztiak

eta koadrilaren endogamia nardagarria.

Gartzelan zela esan zidaten

edo leitu egin nuen, ez dut gogoan;

 

ez nuen ezer sentitu, aspaldi da

ezer sentitzen ez dudala. Gorrotoak

indartsu hazten laguntzen badu ere

inguruko guztia kiskaltzen du. Gaur

 

bisitan joan natzaio, sei urte, sei

daramatza gartzelan, ni bezain zahar,

eta galdetu dit zer moduz hi, Josema?

Eta txikiago iruditu zait nire pena.

 

 

 

© Juanjo Olasagarre

 


www.susa-literatura.eus