Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

JOSEMA IRUTAGOIENEK

PARKEAN

—d—

 

Beharbada hori. Motxilero itxurako hori.

Zertan ote dabil parke honetan? Akaso

gizonek gauaren arrimora mixeriak

larru baten kontra nola ixurtzen dituzten

ikasi nahi ote du?

Zapatilak eta larruzko txupa,

hankak zabalik, bularra bizkarroi,

munduaren kontrako bakero prestu

eta tinkoa. Seguru

maritxuak izterpetik pasatzea

gizontasunaren sendagarri

justizierotako daukala.

 

Nola gogoratzen dizkidan

nire koadrilako zenbait duela

zenbait urte eta zikinkeria:

bular zabalak, hitz ozenak,

zein natural bilakatzen zuten

mundua eta besteren izatea

beren izatearen berezko ondorio.

 

Nola gogoratzen didan

aspaldiko neroni hura mengela,

zalantzontzi, tropoilu antsiatu noragabea!

Nola gogoratzen didan

gauza izateko halabeharrez asmatu

barrunbe gaixo eta errea!

 

Nola gogoratzen dizkidan haiek bezala

izan nahian egindako oker galantak!

 

Gustura joko nioke larrua gustura

sartuko nioke buztana ipurditik,

ez lauoinka ikusirik desiratua

niretako ostu ahal diodalakoz,

ez, ongi asko baitakit menderatzeak

eta imitatzeak ez dutela izaera ematen,

ez, aspaldi esperatu mendeku hutsagatik baizik.

 

 

 

© Juanjo Olasagarre

 


www.susa-literatura.eus