Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

JOXERRA AGIRREK

ETXE ZAHARRETIK ALDEGITEAN

—a—

 

                Andoni Bergarakuarendako

 

Ez naiz paratuko negarti,

euskaldunen diskrezioa

hartuko dut aintzat:

norbera ez da gai serioa.

 

Tira, entzun ezazue

izan nahi nuen poeta,

mundua lepoan hartu

oihukatu «Gora ETA».

 

Herrira ere ailegatu zen

laurogeiak pasaxe, iraultza sexuala,

primadera herdoildu gisa berandu,

horra lezioa: gabezian ala.

 

Joatea banuen, gelditu egin

nintzen ordea: euskaldun

ez fededun, nekien

modu bakarra eta haurdun.

 

Horrela malbizi baikara

zorioneko erditzearen esperoan

hizkuntza larreko honen larrikumeak,

gureak (sikiera!) egin duelakoan.

 

Ez ditut aipatuko denboraren enbatak,

errai urdintzaile seme sasikoa,

ez ditut aipatuko tristura eta kanpaiarena,

elizakoa ez bakarkakoa.

 

Bizi nahi eta ezin aritu guztiak,

beldurra eta Guardia Civila,

ezta ere barauan eman gau luzeak

besarkada amultsuen bila

 

edo benetan maitatu emakume hura

hautsiapur gauez hondartza batean

edo nire burua bertan behera utzi aldiak;

hitz batean perifrasi betean

 

xahutu dudala bizitza,

hain handi heldu zaidan jantzia

baina emendatuko naiz, lasai,

eta barkatu lotsagabe honen atrebentzia.

 

Aipatuko ditut, bidenabar bada ere,

inguru triste honetako ozpinak,

putakume, astazakil, beneno guztiak

eta bereziki aurrealdeko atso ipurzikina.

 

Geroz, begi argi etorri bitartean, zin dagit:

aldamenek nahiko luketen aldamena

izanen natzaizue: gizon jatorra, ona.

Beratzen paratuko dut oroimena.

 

 

 

© Juanjo Olasagarre

 


www.susa-literatura.eus