Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

XABIER BIZIK

—a—

 

Hori esaten diot. Beharrik ez duen

bere burua eta egiten duena

bihotzetik hartzen. Beharrik

hori esan eta barre egiten duen

nire lagun Joxerra Agirrek.

 

Ingurua begiratzea besterik ez dago.

Horra liburuak, horra neurria:

Melankolia ergela, tristura sasikoa

hitza gora eta hitza behera

egilea bere burua sortzailetako

hartzen dueneko sinestea

(Gaur? Mundu honetan? Ba ote?)

erromantizismo kalakaria trostan

ironia falta negargarria, denbora

ihesean eta utzitako fita urreztatuak

ganbarako hondakin erraustuen artean,

moda aldizkarietako amodio muxina

moda aldizkarietan baino kaxkarrago kontua,

hori bai dena irudi karanez horniturik

telebistan biziago ematen duten irudiak,

dena esan behar baldin bada.

Erritmo berezkoa gehienetan faltan

mailukazoka besteetan. Baina...

bestalde, zergatik kezkatu?

Nork leitzen ditu?

Ofizianteek eta inork gutxik: izan ere

bizitzatik oso urruti amildu den artea

gaur bizitza mundurik hoberena ez bada ere.

 

Hori dena esaten diot. Beharrik

ez duen bere burua poetarako hartzen,

hori baino zuhurrago da, zuhurrago denez,

beharrik barre egiten duen maltzur eta barnetik

poesia, egun, nekrofiliaren adar bat dela

esaten diodanean.

 

 

 

© Juanjo Olasagarre

 


www.susa-literatura.eus