Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

MIKEL URRUTI

ILBELTZAREN 8-AN AUTOAN

—b - f—

 

Paisaia geldiro ari zen labaintzen,

oro zihoan bare, oro heldu lasai,

hodei oldarkorrak, basoa han urrutian

egunero esnatzen den izakia bailitzen.

Zer egin bizitzeko norberaren indarrak

bina banatu behar direnean?

Eta munduaren gogo gaixoa

hitz neutroetan irratian:

«bere izena jakitera eman ez den

preso batek ihes egin du kartzelatik».

Euria tanta lodietan kristalera

hiltzera etorria: nola ehundu

amodioaren praktika amodioa

bakarlana baino ez denean?,

apika amodioago dateke

erantzun gabean diraulakoz?

«Eta goazen orain gizarte gaietara:

gaur Iruñean ekitaldi ugari eginen da».

Zig parabrisaren doinu zag erritmikoa

sigi dagi bideak egunaren saga zuloa

urratu ezinik. Ihesi doa goiztegia.

Eta baliteke tristura pusketan

amodioa ernetzea? Kontuz!

«Nafarroako Gobernuaren eta»

Zig egin balazta zag ezkerretara

«Nafarroako Unibertsitatearen laguntzaz

antolaturiko jardunaldietan

zera hartuko dute gaitzat:»

Kontuz! Ezkerretara! ezkerretara!

«Heriotzari buruzko tratamendu informatiboa».

 

 

 

© Juanjo Olasagarre

 


www.susa-literatura.eus