Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

XABIER BIZIK

—a—

 

Bataille-k dio, nik entenditutakoaren arabera,

orgasmoak etendura eragiten duela izatean

horma batean goitik behera zarrast dagien

        arrakala bezala.

 

Arratsalde batean kalean zoazela

zure ohaide bat aurkitu eta

hitz egin beharra duzuelako aitzakiarekin

kafe bat hartzera gonbidatzen zaitu.

Halako batean aurpegia zurbil, alditxarturik

seropositibo hitza aditzea iruditu zaizu

«guztiek ez dute gaixotasuna garatzen»

konprenitzeko gauza zara lur eta zur

garatu hitzaren sekula ezagutu gabeko

        adierarik krudelenean.

«Zaindu beharra dut eta zuk ere frogak

        eginen bazenitu...»

Eta kafea dagoeneko izaki hotza mahai gainean.

 

Gero etxean bakarrik, ohaide errolda, antsia

zainetan geltoki gehiegiko trena bailitzen.

Norekin? Xabierrekin? Mirenekin?

Ana, Mikel, Brigitekin? Norekin?

Eta gorputz goxo, bortitz izandakoak

patuaren aukera baino ez dira orain.

Baina nola? Nola? Zer egin nuen?

Eta kamasutra asepsiaz garbituko zaizu.

Non? Eta suak harturik doazkizu

tristura uxatu zizuten parkeak edo

benetakoa ekarri zizutenak,

pentsio ezkutuak hiriko auzune pobreenetan,

mendiak, basoak non gorputz atal hark

samurtasun epelez busti zizun gogoa,

autoak, zurea eta besterenak, etxeak.

Noiz? Eta egunak eta gauak

etorkizuneko hondamendiaren eszenatoki huts.

Estatistika eta laborria.

 

Negatiboa. Hala ere zureak egin du.

Aurrerantzean orgasmoa bera ere

bilakatuko baitzazu ariketa intelektuala

zer-nori-nork konszienteegiz gisutatu arrakala.

 

 

 

© Juanjo Olasagarre

 


www.susa-literatura.eus