XI. GUTUNA
Hitzik gabeko gutuna izkiriatu nahi nizueke,
zuen nahirik tipiena bete.
Gehiena esanda dago eta zer lotsagarria den
errepikan hastea
batez ere hitzek esan nahi dutena geroago
eta gutiago diotenean;
alemanezko hitz ikaragarriak ere ez omen dira
erabat zehatzak.
Polizia, bankero, ugazaba eta apezak
'terrorista' esaten dizuete,
eta are barregarriagoa bestaldeko jendea
'heroi' deitzen,
zuei, estatuen harri gatibutza inola
ametitzen ez duzuenoi,
libertatearen aldeko borrokan libertatea
galdu duzuen giza zatioi.
Hemen eguna odolusten ari da
hodeiertzean
zauri sakon bat bezala, nork daki
sendagarria den.
Guk beti bezala jarraitzen dugu, lore
eta bolbora artean,
metafora eta logistikaren artean, Karl Marx
eta andere biluziaren artean.
Gauza bakoitzak bere zailtasuna,
batzuetan musu bat ematea
etsaiaren kuartel jeneralean lehergailua
jartzea baino zailagoa da.
Zuen askatasuna behar dugu, gauza zailak
elkarrekin egiten jarraitzeko.
Gure herriaren gorputz galdua bilatzea,
esate baterako.
Zuen askatasuna behar dugu, libre gaudenok
libreak izateko,
giza jendeak berez haragian itsatsiak dituen
kate luze eta ilunekin
libre izan gaitezkeen neurrian
behintzat.
[1991]
© Joseba Sarrionandia