ERDI MINA
Jadanik harrapatua, polizien bultzakada
eta kolpeen artean,
amari emaniko azken adioa gogoan,
odolaren zaporea ezpainetan,
sinetsi egin nahi huke.
Biluzik, estekaturik, paparra dena erreta,
ia deseginik,
naufragiorik gupidagabeenean ere
azken eustarria atxikitzeko,
sinetsi egin nahi huke
hik oinaze bidaia horretan heriotzarantz
emaniko pauso bakoitza
hire herriak bizitzara ematen duen
urratsa dela.
© Joseba Sarrionandia