ALTURAREN NEURRIA
Ez zara gehiago izango tente ipini eta, altura neurtzeko,
burua altxatzen zuen mutikoa,
Bi astetan hiru zentimetro hazi zinela esango zizun aititek
eta bazenekien hurrengorako ere haziko zinela.
Lapitz, boligrafo edo labana arrasto horizontalak
ikusten zenituen ateko marko zaharrean.
Ez zara berriro izango joko ondorio gabeetara
jolas daitekeen umea.
Kartzelara sartzean neurtu zintuzten metalezko aparatu hartan
Heldu zara.
Inork ez dizu berriz altura neurtuko. Ez zara gehiago haziko,
baina zure altura jadanik zeure eskuetan dago.
Nahiz eta ez den inongo markotan apuntatzen makurkerien
artean zutitzen direnen garaiera.
© Joseba Sarrionandia