GOGOETA MATEMATIKOA
Goizeko ordu 2ak izango ziren
detenitu nindutenean,
beste 2 edo 3 lagunekin.
Non daude
besteak? galdetzen zidaten,
Non daude falta diren
3 edo 2ak? errepikatzen zidaten
? aldiz.
Nik ez nuela ezagutzen beste
in0r,
eta haiek klarionezko X lez
borratuko nindutela.
Zuk 5 bat lagun duzu, 5 ken 2 edo 3
= 3 edo 2,
eta barrabiletan jotzen zidaten
2 + 7 ostikada.
Burua baineran sartu zidaten
n bider,
non eta n euskal nazioak ukanen dituen
herrialdeen kopurua baita,
lehen itoaldia bizkaiagatik, 7garrena
zuberoagatik.
Bizitzaren kontua oinazean
galduko nuelakoan:
2 gehi 3 bider 7 erdi ?
kalkulatzen nuen.
Azkenean alferrik galdutzat utzi eta
273. gelara sartu ninduten
eta orduan hasitako kontua ari naiz
—14, 672, 1189—
osatzen oraindik, gaur, hazilak
1457 egun dituenean.
© Joseba Sarrionandia