AFRIKA IPARRALDEAN
Autorea, Mohamed Al-Kali
Afrika iparraldean ez dago harea muinorik
ez palmondorik ene begientzat.
Behiala nahi beste lore eduki nuen esku artean
eta arranoen askatasun guzia bihotzean,
orain zelda hertsi honetan zahartzeko.
Amodioa?
Ene bihotza beste bihotzek eritu dute
mila aldiz,
eta oheetan loa kendu didatenak oheetan
lo daude,
eta amets egiten dute, denborak haien masailak
zimurtu dituen arren.
Ardaoa? Mahats urak mila bider odol berritu nau,
ilargia edalontzian sartzera jolasten nintzen
edandakoak edanda, orain berriz egarriak
itotzen nau.
Gerla? Ezpaten aurrean ez dut sekula atzera egin,
hori badakite bentzutu ditudanek
eta bentzutu nautenek, odolez lohiturik dut besoa
eta ez dut ez garbitzeko ez ahazteko urik nahikoa.
Kartzela? Kateak daramatzana ez da zoriontsua,
erdibiturik daukat bihotza
eta sinetsi ene begietan itsasoan baino
gatz gehiago dagoela.
Afrika iparraldean ez dago harea muinorik
ez palmondorik ene begientzat.
Ziega estuko espazioa eta hormak bakarrik.
Bizitza luze bat?
Ez, ez nuke nahi. Gauean basamortuko
haizea sartzen da,
kandelaren sugarra ikaratzera. Harekin batera
nahi nuke amatatu.
© Joseba Sarrionandia