HEMEN GAUDE ETA JARRAITZEKO ASMOAREKIN
Igual hasieran bertan ekibokatu ginen,
mundura euskaldun sortzean.
Gero ez genuen independentzia eta iraultzaren
borrokatik apartatzen jakin.
Eman dezagun: esna kantu bat abestu genion
gure aberriaren sehaska hutsari.
Eta goiz batez El Puerto de Santa Maríako
kartzelan esnatu ginen.
Zorionez edo zorigaitzez, anitz euskaldun
ekibokatu ekarri gintuzten
Espainiako azken ipurdi honetan bizi edo
hiltzera.
Bizi, ozta-ozta gainbizi gara, estu,
larri, ia mirariz.
Eta bizitza ez da guretzat lehen zen bezalakoa
harrezkero egundo izango.
Begirale uniformatuek ehortziko gaituzte
zulorik urrun eta ilunenean,
idazkari ordainduek borratuko dituzte
gure urratsak.
Baina ekibokatuaren ohitura eta
ausardiarekin
zin egin dezakegu: maite genituen gauzengatik
erori ginen preso,
baina gure maitasuna oraindik
ez dago preso.
© Joseba Sarrionandia