INOZENTEEN EGUNA
'Bisitara deitu dizute, neska bat omen da...'
eta han doa inozentea
funtzionarioengana. Tranparen asmatzaileari
esan diote gero:
'Bi edo hiru gutun dituzu gaur!', eta karta
multzora inguratu da,
'Zu zara zu inozentea!' diotso burlaz
batak besteari.
Buruera horrekin jaitsi dira gaur patiora:
bestea amarruan harrapatzea,
bestearenean norbera erori gabe. Berehala
hartzen diote engainuari iruditua.
'Trasladorako zure izena eman dute...'
Egilea susmatzaile:
'Ez nauzu zakuan sartuko!' Barre-gura lotu ezinik
lagunak sinesgabearen inguruan.
'Asmatzen hasiz gero, asma zerbait
sinesgarriagoa!'
Baina guardia zibilaren furgoia zain dago
inozente hori beste kartzelara eramateko.
Nor noiz non fida? Ez da erraza inozenteen
jokotik eskapatzea.
Jakinaren ondo gainean egonda ere,
edozertarako dago jendea.
Izan ere, denak dira apur bat gaiztoak eta,
aldi berean, inozente hutsak.
© Joseba Sarrionandia