ERRESISTENTZIA
Arroz salda, tabako, desinfektante,
sarrailen gurin usaina.
Harresiak, harresiak, harresiak, ortzi urdin
hori ere ez da beste harresi bat baizik.
Nork hausten ditu kristal botilak, harresien
gainean kristalezko haginak ereiteko?
Akaso ia ez gara albistea, aspaldian amataturiko
sutearen hondarra baizik.
Aberria zer urrun eta zer ezdeus;
izarrak akiturik gure leihoetan.
Barruan dugun mundua ez da kabitzen
barruan gaituen gelan.
Harrigarria da hemen kurloiei begira
gerla sufritzen dugula
eta, patioaren alde batetik bestera paseatuz,
gerla ematen dugula.
© Joseba Sarrionandia