Bildumaren zerrendara itzuli Idazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 


 

TORTURA EGUNAK

 

Espainiar poliziek Euskal Herrian

behelaino zatiak ere preso hartzen dituzte

infernuaren hamaikagarren zirkuluan gatibatzeko.

Edozer gauzarekin harrapatu duten mutilak

lagun torturaturen baten azalpena oroitzen du.

Beste batek ez daki zergatik detenitu duten ere,

eta inork ez du, ateetan barrura daramatelarik,

heldu den sufrimenduaz kalkulu egokirik egiten.

Zer da hormaren kontra zapaltzen nauen oinaze hau?

galdetuko dio gero mutilak bere buruari.

Zer da harria lako hutsune hau? Kolore ubelaren

metafisikari buruzko tratatua izanen da,

mintzaira hil batean, borrero itzalen artean.

Honela guti gora behera:

odolak aurpegia borratuko dizu,

hegazti itsuek inguratuko zaituzte,

haragiak abandonatuko zaitu eta hargin nanoek

zeure gorputzetik erauzitako adreiluz

errautsezko katedrala eraikiko dute,

eta zure bizitza zeure fikzioa izanen da

eternitatearen aspektua den egun bakoitzean.

Materialismo dialektikoaren klasikoetan ez zen argitzen

gizaki torturatua, modurik indibidualenean, munduaren

                                                  epilogoa bihurtzen dela.

 

 

 

© Joseba Sarrionandia

 


www.susa-literatura.eus