Bildumaren zerrendara itzuli Idazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 


 

ELURREZKO HEGAZTIA DA GURE BIHOTZA, EORANN

 

Elurrezko hegaztia da gure bihotza, Eorann,

bolborazko loreen gainetik hegatsez Euskal Herrirantz.

Gure bihotza Bilboko etxe zaharrean dago, Eorann,

barruan zer dagoen inork ez dakiela, gure bihotza

mugaldeko edozein larretan tirokatzen dute karabineroek,

muga iraganez gero neska alaiaren alboan esertzeko,

gure bihotza Eskiulako laborari mainguaren kantura doa

hegaztia, hegaztia izan nahirik bezala aireratuz.

Hil orduko iloba bisitatu nahi duen amamarekin

dago gure bihotza, eta Leitzako ur gardenetan, Eorann,

eta beste edozein erreka paperez betetan. Ilargiari

begira, baina zer axola ilargiari gure bihotza?

Amatatzen ari dira banan-banan argi guziak, Eorann, gure

bihotza guardia zibilaren kuarteletan kolpatzen dute

gauero, eta hegazti bilakatzen da ihes egiteko, Eorann,

eta munduko kantoi amaigabeetan galtzen da damurik gabe

heroi zaharrak kale izenetan herdoiltzen diren artean.

Gure bihotza elurrezko hegaztia da, Eorann,

esperantza doi batez airean, eguzkitan urtzear.

Elurrezko hegaztia, Eorann, zeure bihotz barruan

                onartzen baduzu bakarrik ez da desegingo.

 

 

 

© Joseba Sarrionandia

 


www.susa-literatura.eus