SORTALDEKO ORRATZAK
Lanbroak goroldioa usteltzen zuen,
eta ugaltzen zuen.
Denbora idia bezain astiro zihoan
haranean, astun, kirrinkari, joankor.
Bihotz oneko jendeei orratzak
herdoildu zitzaizkien
sukalde zokoetan azienden eta hirien zoriona
josteko erabiltzen zituztenak,
sortaldeko goiz-oihal gorriak eskegitzeko
usatzen zituztenak.
Jostorratz herdoilduz loturik argitu da
gaur ere eguna.
© Joseba Sarrionandia