JOSEBA ASENSIO
Registrándole, muerto,
sorprendiéronle en su cuerpo
un gran cuerpo, para el alma
del mundo.
César Vallejo
Sekula hil behar ez balitz bezala
bizi ginen.
Presa genuen estimatzen genuenaren alde
bizitzeko: amodioa, borroka armatua,
libertatea, liburuak leitzea. Baina, agian,
ez genituen lerro guziak ondo konprenitu,
pasarte hau adibidez: estimatzen genuenagatik
hilko ginela.
Hiltzeko gogorik gabe, gorputzak jostailu gisa
arriskatu genituen.
Beti, egunak beruna bezain astiro zihoazenean ere
presa genuen,
estimatzen genuenaren alde ekiteko
presa genuen,
lurrak, berekoi, gu estimatzen gintuela jakin gabe,
lurrak ere presa zuela igarri gabe.
[1986]
© Joseba Sarrionandia