KIROFANOA
Izugarri gogorra izan zen.
Mahai gainean
biluzik etzanarazi zuten, gerritik gorakoa
ertzetik kanpora,
eta polizia bat belaunen gainean
eseri zitzaion.
Orduan urdailean kolpeka, barrabiletan
kolpeka,
saman karate kolpeka, buruan telefono
aurkibide sendoaz kolpeka.
Gero poliziek zigarro bana biztu eta
ketik kera
oin zolak erre zizkioten, zangarteak
erre zizkioten,
eta lau zigarrokinak bere bularrean
amatatu zituzten.
Gero telefono aurkibideaz buruan joka hasi ziren
berriro gong-gong-gong
eta burua handitu zitzaion, ezin zuen
arnasarik hartu,
begiak hertsi zituen nano saldoek bere
gorputz gaztelua asaltatzen zuten artean,
mendetako lurrikarak, katu hilak zainen labirintoan,
egunsenti zurbilak odola galtzen...
Ilargirantz aldentzen zen txori itsuaren
atzaparrak oratu zituen.
Behin eta berriro jo zuten orduan
eraman ezinezko moduan
eta oraindik ere —gaur egun— gupidarik gabe
jotzen dute.
[1990]
© Joseba Sarrionandia