Bildumaren zerrendara itzuli Idazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 


 

GALTZETAN GORDETZEKO KOBLAK

 

Artizarra ortzantzean lehena da argitzen

Saguzar zaharrena oraintxe da esnatzen

Teila gorri horma grisa isilean laztantzen

Zoko beltzen hegaztiak gau berria ehuntzen

 

Hemen gautza ezin irten errautsen gaztelutik

Gaua sare erraldoia gugana abaildurik

Azpian nau gatibatzen tristurari loturik

Hemen natza hau zer denentz adierazi ezinik

 

Hau izuen gordeleku eta belar hitsena

Hau malkoen katedrala gizaseme hutsena

Hau eremu bezperage biharamun motzena

Hemen datza gorpu bizi herri bat izan zena

 

Anitz lore sortzen omen urruneko bizira

Kartzelara sartu oro heldua da hobira

Saguzar ehuleen urkabeen hegira

Zelan kulunkatzen garen bi begiez begira

 

Argi gabe ari nauzu giltzapean koblatan

Oinazea bisitari gogoaren zainetan

Zaindariak paper bila ari dira zeldetan

Erdu eta to zuretzat gorde itzazu galtzetan

 

 

 

© Joseba Sarrionandia

 


www.susa-literatura.eus