ESPERANTZA
Lasciate ogni speranza,
voi ch'entrate!
Dante Alighieri
Gauzak ezkutatzen trebea zen, eta
beti aldean zeraman arren
funtzionarioek katxeoetan ez zioten
atzeman egundo.
Ez zen izkribu politiko
arriskutsua,
ez errebista pornografiko
eskuz dastatua,
ez ihesbidea zulatzeko
tresna baliotsua.
Guk bagenekien aldean zeramana
esperantza zela.
'Baina zer da esperantza?'
galdetzen genion.
'Heltzear den zori onaren seinalea'
zioen batzuetan irribarrez.
'Hor patio ertzean hazten den lorea'
zioen bestetan, trufaz.
Gaur, 'itxarotea' dela esan du.
Esperantza
egunik egun itxarotea besterik
ez dela.
© Joseba Sarrionandia