Bildumaren zerrendara itzuli Idazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 


 

PALESTINAR PRESOA

 

Palestinar preso bakartiak

                irratia darama aldean

eta entzuten du, betiere,

                urruntasunaren harrabotsa.

Patio eguzkitsuan paseatzen da

                koadratuan zirkuluak eginez,

eta sorlekuko iturrien hotsa aditzen du

                aireak dakarkionean.

Ura egunean birritan ematen da kartzelan,

                                eta egarriak dago,

baina egun sargorian emisora gehiago

                    atzeman ditzakeelakoan,

dialean xerka dabilela, besoetako zainak

                            albisteak entzunala

hantu egiten zaizkiola; badirudi odola

            ez zaiola gorputzean kabitzen

eta, zainen bat pitzatuz gero

                    itsaso gorria eginen dela.

Eta palestinar preso bakartia odol

          itsaso horretan hondatuko dela,

balaz eta hilez kargatuegi, itsasontzi

                      lar kargatuen antzera.

 

 

 

© Joseba Sarrionandia

 


www.susa-literatura.eus