AMODIO PROTOPOEMA
Amodio poemarik xamurrena
izkiriatu nahi nizuke
poeta erromantikoen xalotasun eta
erru gabeziarekin.
Zure zangoak luze-luzeak balira
eta ene zangoak zeureak bezain luzeak
mahaipean aurreratuko genituzke zangoak
zangalatrabatzera jolasteko.
Ene atzamarrak, zure larrua ukituz gero,
pospolo antzera izekiko lirateke.
Mundua arrisku larrian jarriko genuke,
gure besarkadagatik ikaratzen
ez dakit zenbat Richter eskalan.
Erdu harresia aihen-belarrak lez eskalatuz,
erdu ontziaren kubiertara jauzten den
olatuaren gisan.
Erdu eremu lehorra hondatzera datorren
ekaitza bezala.
Erdu eta bihur ditzagun hitzak haragia.
Solda gaitzatela bata bestearen kontra.
Horrelako poema zoli bat eginen nizuke,
baina zer laburra den lirikarena.
Leihoa zabaltzean, zeldara, zure ordez
errealitatea sartzen zait, altzairuzko atzaparrekin,
garrasika.
© Joseba Sarrionandia