BORROKAN HILDAKO LAGUNAK
Lotarako oheratu orduko, hara hemen hildakoak
ene zeldaraino heltzen
oroimenaren maindire odoleztatuan
ene alboan etzatera.
Harako egun hartan, apenas gosaldu gabe,
erlojua begiratu eta,
itzulerarik gabeko estrata beltzean
barrena joan ziren.
Berebiziko balentriak egin omen zituzten
bestaldean,
lastozko bihotza airean altxaturik
patua maitemindu nahirik bezala.
Baina bizitza zikoitza eta galkorra da,
bidea laburra, egun arteak zitalak,
eta menturan ausartu zirenak historiaren
gurpil azpira eroriko ziren,
begi ederrak haur jolaseko kristal-
kanika lez galtzeko.
Trajedun lodia aitakiro eta gogo gaiztoz mintzo da
edozein kabaretetan
hildakoen gauza galduei buruz egiak klik klik
klik kokteleko izotza bezala eraginez.
Zuek, bizirik zaudetenok, bihar edo etzi zer egin
deliberatzen duzuenok,
gorde itzazue hilei buruzko zuen aburuak
gibelean, ezer ez dakizuelako!
Nik ere ez dakit hildakoei buruz deus, bisitan
heldu, isilik egon, eta joan dira,
ez iraultzaz ez beste ezertaz mezurik batere
utzi gabe.
Zer eginen dugu hainbeste gauza
galdurekin?
Utzi egizue poema hau gaua zeharkatzen duen
alarguna bezala pasatzen.
Hildakoak jadanik lurraren
poltsikoetan daude.
© Joseba Sarrionandia