Bildumaren zerrendara itzuli Idazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 


 

HAURTZAROKO ERRETRATUA

 

Aitaita eta amamak ia hirurogei,

            haurrak bizpahiru urte ditu.

Gurdi zaharraren gainean eseri dira

                      fotografoak deiturik.

Aitaita soroko lanak utzi eta alkandora

            mahukak luzatuz heldu da.

Amamak, amantala kendu,

                  gurdi ertzean eseri eta

—kamara seinalatuz— txoriari begiratzeko

          diotso altzora jaso duen haurrari.

Larunbat arratsaldea da eta haizeak

            intxaur hostoak eraginez

susmo igartezinak zabaltzen ditu

                            Garaizarren.

Umeak ez du susmatzen

                    hogei urte geroago

kartzelako bisita kabinan elkartuko dela

              aitaita eta amamarekin

eta kristalaz bestaldetik erretratu hori

                    erakutsiko diotela.

 

 

 

© Joseba Sarrionandia

 


www.susa-literatura.eus