Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK


 

HILBURUKO PREBENTIBOA

 

noizbait

azkazal akasturik berriro jantzi nahi ez duzulako

sekula urtzen ez den hodeiak astun zanpatzen zaituelako

piano baten laka baino ilunagorik ikusi ezin duzulako

edo bizitzaren ankerrak

muzin egiten ahal ez omen diogun

kontratu ospetsu hori eskaini dizulako

edo besterik gabe

galtzaileen erromerietan aspertu egin zarelako

 

noizbait

lotsa oneko arrazoi horietakoren batengatik

erabakitzen baldin baduzu

oker geundela poesia gehiegi zegoela

ametsetara eraman genituen afalondoetan

urrunegi dagoela altxorrik gabeko urrezko uhartea

edo besterik gabe

zuhurtziak agintzen duen moduan garaietara egokitzea

erabakitzen baldin baduzu

 

noizbait

erabakitzen baldin baduzu

ahalegin sobera egina zaudela

ederragoa izanen zarela amore emanda

 

otoi

ez dadila izan hilik nagoen gauean

 

ez dut maite ezjakinaren bake ustela

nahiago nuke neure gain hartu

zure erabakian legokidakeen erantzukizun zatia

otoi

ez iezadazula uka

borrokagai berriak edukitzeko aukera

ez iezadazula uka mesedez

bizirik jarrai dezadan erabakiko zenukeela asmatuz

bihotzikara eztitzeko aukera

 

 

 

© Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus