Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK


 

SORTZEAREN MENTURA

 

egun besoan eduki zaitut

alaba eduki dut egun besoan

erizainek irribarre egin didate

ene gatza ene kurkubita

eta erre batean hasi zarelako marruka

irribarrez kendu didate kontuz

kontuz esan diet papardo hau itsasora

 

zertarako haur berri bat mundura?

lagunen galderak nolako mindura!

ez daukat beste erantzunik:

berak nahi zuen, guk genuen gura!

 

bazen bat garrasika hasi dena

atera behar izan du aldameneko ohekoak

bazen bat agoantatu ez duena

salatu du eta orduan zure amak

malkoak ezin leherturik

neu nintzen

 

zertarako haur berri bat mundura?

lagunen galderak nolako mindura!

ez daukat beste erantzunik:

berak nahi zuen, guk genuen gura!

 

tornuari eragin dio

sehaska sortu da paretatik zu eskainiz

hartu zaitu

bular gainean ipini zaitu lo

zure berotasuna behar du

zure taupaden metronomoa behar du

zure ama jaioberria da

 

zertarako haur berri bat mundura?

ez daukat beste erantzunik:

berak nahi zuen, guk genuen gura

berarekin sortzearen mentura

 

 

 

© Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus