Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK


 

EUSKARAZ

 

entzunen duzu

antxetak euskaraz egiten duela txilio

Ziburuko kaian

entzunen duzu

ardiak euskaraz egiten duela marraka

Gorbeiako pentzeetan

entzunen duzu

katuak euskaraz egiten duela miauka

Aiherrako teilatuetan

entzunen duzu

idiak euskaraz egiten duela marru

Mendatako probalekuan

entzunen duzu

astoak euskaraz egiten duela arrantza

Gorostapoloko ferian

entzunen duzu

zakurrak euskaraz egiten duela adausi

Oñatiko artzanora txapelketan

entzunen duzu

basoilarrak euskaraz kantatzen duela

Iratiko basoan

entzunen duzu antxeta txilioka

entzunen duzu ardia marraka

entzunen duzu katua miauka

entzunen duzu idia marruka

entzunen duzu astoa arrantzaka

entzunen duzu zakurra adausika

entzunen duzu basoilarra kantari

baina euskaraz

zu zeu

izanen zara

xomorro xauxuna

txilioka marraka miauka marruka arrantzaka adausika

zure buruari kantari

(edo munduko antxeta ardi katu idi asto zakur basoilarrei)

 

 

 

© Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus