Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK


 

ABERRIA ZER DEN

 

aspaldi, txipia zinelarik

Orhiko gailurrean

 

—zera... Orhiko gailurrean... zu?

 

oker egon ninteke

Mendaurren izan zitekeen

edo Gorbeian

beharbada Aizkorrin

 

—hobe Larrunen.

 

a, bai! ados, ez naiz gaitzituko

Larrunera heldu ginen hartan

trenez, jakina, trenez, ezta?

 

—baditugu argazkiak.

 

gailurrean zutik

besoa zabaldu eta itzuli osoa eginik

Landetarainoko lurrak, Pirinioak, Matzakuko farola,

itsaso eta lehor, ipar eta hego harturik

hauxe esan nizun espantu antzean:

«alaba, ikusten duzun hau dena

gurea da, baina ez da gurea!»

 

—lurrak ez du jabegorik behar!

 

horixe esan nahi nizun

gurea izan arren gurea ez zelako horrekin

 

—ez, zuk beste zerbait esan nahi zenuen!

 

ekar itzazu argazki horiek

segur naiz negua zela eta ez zegoela trenik!

 

 

 

© Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus