Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK


 

ERRUKARRIAK

 

lehen geldialdia farmazian

pisuaren grazian

zure librak hartzeko osasun liburuan

zaindu behar zaitugu hazian

        —gaxua!

esan du botikariak begia anpuluan

 

bigarren geldialdia espaloian

etxe ondoko kantoian

auzuneko Amona Lisa hurbildu zaigu

kolaioak zeuzkan egun balkoian

        —gaxua!

esan du katuzaleak agintari —zaindu!

 

hirugarren geldialdia ezkaratzean

itxiaren atzean

finantza albisteak zintzo banatzen zen ari

burua sartu du ohatzean

        —gaxua!

esan du gozoro postariak lausengari

 

laugarren geldialdia eskaileran

talka egiteko eran

bigarrenekoa zetorren behera jauzika

nahiz nahiago duen gazteleran

        —gaxua!

esan du bulegari tenteak zu ikusita

 

bosgarren galdealdia etxean

krisiaren ertzean

aurrekoa genuen atean, ezin uka

ba zer moduz gauden, hainbestean

        —gaxua!

esan du erretretatu gazteak eztulka

 

halako batean utzi zaitugu sehaskan

ez musu eta ez laztan

harriz harri jausi gara maindire matazan

zer dun hori, ixo, zure arnasa gurean joz

gurasoena baino hasperen handiagoz

        —gaxuak!

esan diogu elkarri beldur harro ados

 

 

 

© Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus