Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK


 

IKASTEA ETA IKASTEA

 

nik irakatsiko dizut

atzekoz aurrera irakurtzen

Jamaikaraino zenbatzen

mihia ahosabaian plegatuta ziztu egiten

nik irakatsiko dizut

harri begidunak jaurtitzen

habiak ezkutatzen

zinezko gezurrak esaten

 

baina egun zoaz eskolara

 

nik irakatsiko dizut

esna zaudela hegaldatzen

putzu txipian itotzen

sagarrak eta sagarrak bereizten

nik irakatsiko dizut

azterketetan kopiatzen

tinta izerditzen

nire sinadura itxuratzen

 

baina egun zoaz eskolara

 

nik irakatsiko dizut

txoritan ibiltzen

jotzen duten doinuan ez dantzatzen

erreka jotzen

nik irakatsiko dizut

eiffel dorrea askatzen

lotsatu gabe galdetzen

ikasitakoa ahanzten

 

baina egun zoaz eskolara

 

nik irakatsiko dizut

berba zatarrak esaten

hormetan idazten

hanka platerean sartzen

nik irakatsiko dizut

iltzeak oker sartzen

eta zeure atzamarra mailuka lehertzen

nik irakatsiko dizut

ez dakidan gitarra jotzen

ni bezalakoa ez izaten

nik irakatsiko dizut

dena kolokan jartzen

 

baina egun zoaz eskolara

 

piper egiten

irakatsiko dizut bihar nik

Greziako uharteren batera joanen gara

eta Arkimederen teorema irakatsiko didazu zuk

arduragabekeria hutsean hondoratzen naizelarik

 

 

 

© Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus