Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK


 

ARRANTZALE BERRIA

 

zazpi itsasoetan barrena

ibiliak ziren oihuka

        hegaluzeak

        hegalaburrak

—euskaldunak datozela!

 

eta arrainek ihes egin zuten

        ez bermeotarrik

                ez ziburutarrik

                        ez pasaitarrik

azalduko ez zen ur beltzetara

 

sareak hutsik jasotzen zituzten

        gau eta egun

                egun eta biharamun

 

—zuloetarik ihes egiten dutelako da!

 

isiltzeko agindu zion patroiak

haserre begiratu zioten arrantzale zaharrek

 

—arrainek ez, hitzek egiten dute ihes!

 

hitzen arrantza egin behar zutela

        esan zien

                arrantzale berriak

 

—itsasoa hitzez betea dago!

 

ibili zarete inoiz hondartzan?

        nola jaten dute uhinek

                zure pausoen arrastoa?

ba berdin irensten ditu itsasoak

munduko hondartzetan idatzi ohi diren

                        egiluzeak

                                egilaburrak

 

—esadazue, zenbat maitasun hitz

ez ote ditu itsasoak bildu

munduko hondartzetarik?

 

ez zen bermeotarra

        ez zen ziburutarra

                ez zen pasaitarra...

berria zen ontzian

eta beti zauritzen zen amuak beitatzean

 

—munduak behar dituen hitz gozoak

eraman behar ditugu portura!

 

ez zen bermeotarra

        ez zen ziburutarra

                ez zen pasaitarra...

berria zen ontzian

eta zulorik gabeko sarea asmatu nahi zuen

 

—antxoak baino prezio hobea

eginen dute hitzok bentan...!

 

                *  *  *

 

ez dizut esango ontziaren izena

        portuan denek dakite

        uretara bota zutela

        arrantzale berria

 

        hitzontzi hura

 

 

 

© Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus