Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK


 

PREMIÈRE LEÇON DE FRANÇAIS

 

ez zenekien?

poeta frantses guztiak Iruñean bizi dira

zein diren poetak?

poetak dira ilargiko kontuez arduratzen direnak

 

ilargi betea bezain betea dago

ilargia

hasperenez eraikitako zubiz

itxaropenez luzatutako karrikez

maiteminez zabaldutako plazaz

eta zubi karrika plaza guztietan

hasperenak zubipean triste itxaropenak zuhaitzetan malko

maiteminduak aulki margotu berrietan itsatsita

 

bazenekien?

gizakia ilargira iritsi zen 1969an

zuk ken 15 urte zenituelarik

ez, ilargira iritsi zirenak ez ziren poetak izan

 

zer ekarri zuten ilargitik?

ez dakizu?

ezer ez

 

han ez omen zegoen inor atxilotzeko

han ez omen zegoen ezer lapurtzeko

han ez omen zegoen ezer ezer ezer

harri kozkor batzuk ekarri zituzten

bertan egonak zirela esateko

 

ilargiraino joan ziren

eta ez ziren ilargian egon

ez zutelako ezer hura ikusi

ez zutelako ezer hura entzun

ez zuten hemen ez dagoen ezer hura ekarri

eta hantxe dago oraindik

poetek bakarrik ikusten dakitena

 

horixe da ilargia

uharte bat iluntasunaren erdian

Iruñeari frantsesez kantari

 

ez zenekien?

frantsesez ilargiarekin koplatzen duen

munduko hiri bakarra Iruñea da!

horregatik bizi dira bertan poeta frantses guztiak

ilargirainoko bidaiak merketzen ez dituzten artean

oi Pampelune! oi Pampelune! hasperen eginik

 

nola?

poeta espainiarrak Adunan?

ez ez ez! Adunan ez dago poeta espainiarrik!

alde egin zuten

hodeiek ez omen zieten zerua ikusten uzten

 

gureak?

gure poetak

Errezilgo Ibarbian bizi dira, sagarrak jaten

ilargitarrak izateko

bai, halaxe uste dute, sagar handi bat dela

Ibarbiarekin koplatzen duen pobreon kriseilua

 

baina izan denak dira gureak

baldin eta ilargiari beha argitzen badira

hemen ez daukagun ezer handia betetzeko

 

 

 

© Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus