Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK


 

LEHEN AURREZ AURREKOA

 

zenbat bide ez ote dut ibili zurekin

zenbat ibili ez ote dut egin zurekin

elkarri nora galdetzeko beharrik gabe

helburu zehatzen pagadian

 

zenbat itsaso ez ote dut harrotu zurekin

egia kaltegarrienen bila

zeure heldutasuna onartzeko prest

neure iritzietan behaztopa eginik

 

zenbat kantu berri ez ote dut sortu zurekin

Etxahunek bezain malerusik

zuk irri egiten zenueneko gardentasunaz

bakardade batetik besterako ihesietan

 

zenbat liburu ez ote dut irakurri zurekin

zazpi hizkuntza ezezagunetan

mito zirtzilak iraultza lizunduak ikasiz

porrot berriak antolatzeko

 

zenbat borroka ez ote dut egin zurekin

zure aurka zure alde

nagitasunaren eskubidea eztabaidagai

adibidez hiru ilargiko gauetan

 

zenbat zenbat ez ote dut ikasi zurekin

uste ez nituen zoratzekoak eman dizkidazu

proposatzen nizkizun jolas ergelak utzita

naizen ez bezalako gurasoa izateraino

 

eta orain hemen zaude

hezur ondoko mami

banaiz esanez

hi ba ote haiz galdezka

 

zenbat amets egin behar dugun elkarrekin!

 

 

 

© Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus