Bildumaren zerrendara itzuli Idazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 


 

SAGARRONDOA

 

Erreka hemen zabaltzen da, sagarrondoaren begiradapean.

Ura lasaitzen da, arnasa hartzen du,

zeruaren isla bereganatu, itzal guztiak irentsi.

Inguruko mendiek ere behera egin dute,

lehoinabar batek adarretatik behera bezala.

Begiek hau guztia harrapatzen dute kliskatzean,

betiereko espazioa luzatu da margolan batean.

 

Orain sagarra hartuko du, ez da ezer ere aldatuko.

Munduak ez du atzazal bat ere galduko,

ez da soinuaren abiadura motelduko,

ez dira irriaren hotzikarak sendatuko,

ez da frakasoaren esperpentoa eztituko,

ez da elur maluten azpiegitura sendoa deuseztatuko,

eta ez da minaren aingura ugertuko.

 

Dena da bat, dena sagarrondoaren begiradapean.

 

 

 

© Juanra Madariaga

 


www.susa-literatura.eus