Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

9

 

( Agintaritza Gorenaren azken ordena hartuko dugu

Ez da klabean etorriko zer ardura etsaiak atzemanik ere

Telegrafista ez da egonen bere lekuan

Inor ez da bere lekuan egonen eta denok jazarrerako )

 

Hondamendiaren lekukoak izanen gara

Baina ez dugu derrotatuen saila abandonatuko

Ez gaituzte baketuko aberriak ez du larderiarik izanen gutan

Etsaia berbaz izendatuko gaituzte atzamarrak dardara

Eginen ez badie ere beharko dute oraino bandera masta erdian paratu

Azalera azalduko gara Bizkaiko Itsasoan

Hegazkin aliatuz saretutako zerupean

Agerian eginen dugu ilunpean hainbat bider eginiko maniobra

Kapitulazio egunerako prestatua dugun ekintza

Jazarrerako adarrak inoiz baino latzago joko du

Korasta erakutsiko diogu etsai zabalari etsai korazatuari

 

( Agintaritza Gorenaren azken ordena hautsiz

Torpedolariak botoia sakatuko du Göring traidorea fusilatzeko

Urpekontziak eztanda egin behar duela gaztigatuko dugu

Eta txalupetan urrunduko gara aberri zati honetarik

Maitasunezko mehatxuz bakeak ez gaitzan )

 

 

 

© Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus