Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

ZIGILU BAT

 

Bonantzako eliza zaharrean zeuden gordeak

Gure traineruak Donostian irabazitako piperpoto guztiak

Onenak ginen itsas harroan eta herrian genuen

Francok eskua maizena emana zion patroia

 

Francok zeroi bat atrapatu zuen udaoro bezala

NODO albistarikoak etorri ziren filmatzera

Piztia Hernan Cortesek zekarren estiborrean lotua

Ongarria egiteko oparitu zion irin fabrikari Caudilloak

 

Arrantzaleen etxe merkeak Francisco Francok

Inauguratu zituen eta senarra Dakarren

Galdutako batek É galego coma nos! esan zuen

Francisco Franco zuen izena auzune berriak

 

Goseak hil behar dik Frantziako jende horrek

Bota zuen behin Lesakako garabilari batek

Sindikatu bertikaleko buruzagiaren aurrean

Franco bakarra omen zagok munduan

 

Franco ez zegoen umearen bilduman Francok

Zigilurik handiena zeukan estibadoreen jangelan

Espainiako langileen otordua zaintzen zuen

Kristoren ondoan

Frankok uste zuen bakea ekarri zuela Francok

 

 

 

© Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus