Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

AZAL ALDAKETA

 

Labana xardearen hortz artean sartuz ebakitzen du

Aitak haragia egunkariaren testu erdian

Ageri diren ardo tantek hitzik ederrenak estaltzen dituzte

Duela astebete ekarri dituzten bi solairuko trolley ingelesetan

Ezkutatzen naiz ilunabarrero azetileno bonbona hutsak

Etzanda metatzen dituzte biltegi berriko pareta bazterrean

Ez dakit estatxa kiribilduek hartzen dituzten formek

Edo minioak kalamuan utzi dituen arrastoek ikaratzen nauten

Atelier mekanikoan eskuak garbitzeko daukaten hareak

Zuztarreraino lazten nau kotoiaren hari koloredunak

Baino gozoagoa dut orain haren koipe usaina

Herrian ez didate sinesten paper orea egiteko ekarritako paketan

Argazkirik ez dagoela esaten diedanean

Aurten negar egin dut urtezaharrez portuan

Loturiko ontzi guztiak tutuka hasi direnean

Ez dakit emakume biluzia holandarren besoetan

Ageri den bezalakoa den zinez banan-bana

Kentzen ditut etxeko xaboietan ageri diren ile kirruak

Kantinako neskameari sobera gelditzen naizela beha esan didate estekariek

Bagoi arren eta bagoi emeen arteko talka marrazten saiatu naiz

Geltoki ondoko etxea ez da beti egon hor

 

 

 

© Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus