Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

BIDAIAK

 

Londresko karriketan aspertuta hona ekarri dituzte eta

Trolleyek hemen egon beharko dute lineak berritu arte

Umeak behaleku bat eduki dezan bigarren solairutik

Geltoki ondoko etxea zelatatzearren alferezari ebatsitako largabistarekin

 

Sarrerako eskailerak ditu begipean atea hiru leiho

Beti itxiak egunez lo daude noski etxe hartakoak

Ez datoz Maria bezala arropa zikinaren bila ontzietara

Garbi jantzita joaten dira hara estibadoreak marinelak estekariak

 

Geltoki ondoko etxekoek ontzi izenak dituztela entzun du

Gezurrezko izenak dira portuoro aldatzen dituzte

Bandera berria hartzen duten ontzi piratak dira

Amak ez bezala erakusten dituzte bularretakoak zintzilik idortzen

 

Hizkuntza guztiak dakizkite pipatu egiten dute

Edo menturaz mututu egin ditu madama ankerrak

Batzuetan argi motel bat pizten da leihoren batean

Errainu bat ikusi uste izan du emakume biluzia ilea orrazten

 

Badaki beltza dela bat argia ostera itzali denean

Blakaz margoturiko azetileno bonbonak etorri zaizkio gogora etzanak

Halako leuna izanen da urpekontziaren sabela

Bagoiak talka hasi dira estatxa apurtutako zamaontziak bezala

 

Ozendura urrunetan ikaratzen dira kaiak

Londresko zubian bezala ikaratzen dira trolleyak

Hala ikaratzen dira noski geltoki ondoko etxeko gelak

Maitaleak wagon-litetan portu urrunetara daramatzaten trenen amorruan

 

 

 

© Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus