Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

HODEIPEKO OROIMENA

 

Atzamarrek zura laztandu zuten haztaka

Gurutzefikatu baten zauriak bilatzen genituen

Zaharberritzaileak ginen eta ukimenetik

Korastak karelak tapikuak sortu ziren

Bonantzako Kristoren elizako ate berdean

 

Txalo egin genuen klarionaren hautsa kentzeko

Buruketa zail bat egin bagenu bezain harro

Petrilean jarri ginen argazkilariaren ondoan

Itxaron dezagun eguzkia hodeipetik irten arte esan zigun

 

Argazkia egin zuenean hurbildu ginen ostera

Eta atzamarrak listuan bustita ezabatu egin genuen

Gure lana inork kopia ez zezan

Irakaslerik gabeko arbel miragarri hartarik

 

Trabesak egin izan genituen nork arinago marraztu

Buruz ikasi genituen ate hartako pailebotak bergantinak goletak

Baina orain galdua dugu umeak gineneko itsutasun argia

 

Zura margotua izan da aldiro

Baliorik gabeko Kristo bat balitz bezala

Polikromatuan hondoratu dira ontziak

Labankada haiek gure aitonen aitonek eskainiriko otoitzak

Balira bezala Ternura baino lehen bonantza eskatuz

Eta gure atzamarrek ezin dituzte jadanik azalera ekarri

 

 

 

© Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus