Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

UDAKO OPORRAK

 

Kaietarik haratago eramaten gintuen itsasbeherak

Harrotua egiten genuen basadian xixareak agerian uzteko

Baina arrainak beitatzea aitzakia hutsa zen

Mareak emakume biluzia erakusten zigun

Itsaspean lehor geldituriko txaluparen idurian

 

Alkitrana kresala egur usteldua aingira hilen bat

Eguzkiak zoragarri loditzen duen usaina

Gure berba bakanen fumetiak dira kaioak

Lohitan gelditu dira jostailuzko arrasteluak

Esku bat hurbildu zaionean helizearen metal distiratsuari

 

Helizeak makestua dauka hegala enborren bat joko zuen

Dio norbaitek edo naufragoaren burezurra pentsatzen dugu denok

Hatz-niniek hotzikaraz laztantzen dute metalaren ahoa

Batzuetan itsasoak gorbelak uzten zituen helizearen doratuan

Sarkorragoa zen orduan usaina errazagoak ziren orduan konparantzak

 

Lau ordu aspertu lau ordu lizun basadia estali arte

Urraburuak harrapatuko genituen kabuxek nahi bazuten

Eta bezperan trakets bilduriko guta askatzen genuelarik

Itsasgoraren olaxtak laztantzen hasiak ziren

Txaluparen sexuari ematen genion begi amuak haragian

 

 

 

© Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus